Agur Zurrunbon Biharko Gasteizko umeentzat, Gutun hau irakurtzen ari bazarete, bi gauza gertatu dira: Hilda nago. Ez da ezer pasatzen, lasai. Bizi legea da hiltzea, pertsona guztiak, eta animaliak, eta landareak, bizidun guztiak hiltzen dira, hiltzen gara. Eta ni ere, Jon, Zurrunbon, hil naiz. Aurkitu duzue nire gutuna; ez da galdu, hau poza! Horrela nire istorioa nire ahotik irakurriko duzue. (Eta eskerrak ematen dizkiot Nerea, nire alaba txikiari, nik ez dakidalako idazten, eta nire ahotik paperera bera idazten ari delako). Gasteizkoa naiz, Santa Maria kalea jaioa, ezin gasteiztarragoa izan. Bederatzi anaia-arrebetan, bederatzigarrena izan nintzen: ama nitaz erditu eta biharamunean hil zen, nekearen nekez, ozta-ozta izan zuen indarra ni besotan hartu eta esne pixka bat emateko bere tititik. Ze pena! Gure aita geratu zen bederatzi seme-alaben kargu. Baina tabernatik ez zen ateratzen, eta etxera iristen zenean, hobe berarekin ez topatzea! Gose handia pasatu genuen denok, baina ni txiki...