2019ko martxoan patioko batzordea hainbat bilera egin genituen, eskolako ikasleekin egin genitzakeen dinamikak zehazteko. Aurrena, mundu osoko txoko guztietako patioen argazkiak bildu genituen. Hezkidetzan oinarritutako patioak ziren, eta, betiere, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen garapenarekin eta gaitasunekin zerikusia zutenak. Argazkietako batzuk hautatu eta gero, horiekin hiru mural egin eta eskolako hainbat lekutan kokatu genituen, denek ikusteko moduan. Muralen ondoan, gometsak jarri genituen, eta ikasle nahiz familiei esan genien jartzeko gometsak patioan eduki nahiko luketen horren gainean. Aurreneko kontsulta horren ostean, eskolan rokodromo bat egiteko beharra ikusi genuen. Batzordea, horrenbestez, eskaladarekin zerikusia zuten proiektuen bila hasi zen. Rokodromoa non kokatu erabaki genuen aurrena. Era berean, eskalada eta gure inguruaren ezagutza uztartu nahi genituenez, rokodromoan munduko nahiz Euskal Herriko tontorrik altuenak irudikatzea bururatu zitzaigu...